Garaipen-urtea uretan zein lurrean: Domusa Tekniken 2025a
Klimatizazioaren munduan potentziak, errendimenduak eta gas hozgarriak izan ohi dira hizpide. Domusa Tekniken, ordea, ondo dakigu termostato bakoitzaren atzean zer dagoen: erosotasun bila dabilen familia bat, konfiantza behar duten profesionalak eta koherentzia eskatzen digun planeta bat.
Amaitzear dugun urte hau ez dugu datuekin soilik itxiko; erroak dituen berrikuntzaren urtea izan da. Gure teknologiarekin batera, arraunlari baten ahalegina edota herri-eskola bateko haurren jakin-min amaigabea ere protagonista izan diren urtea, alegia.
Zatoz gurekin 2025a markatu duten mugarrietan barrena:

Etxean sortu eta sentitzen den berrikuntza
Energia-trantsizioa ez da helburu urrun bat, egunez egun eraikitzen dugun bidea baizik. Aurten, bide hori errazteko urrats sendoak eman ditugu:
- Dual Clima HT PRO: Gure apustu nagusia. Osotasunean gure lantegietan ekoitzitako bero-ponpa. Geuk fabrikatzen dugunez, punta-puntako teknologia ez ezik, torloju eta plaka bakoitza sakon ezagutzeak ematen duen segurtasuna ere bermatzen dugu. Sendoa da, eraginkorra, eta gure hizkuntza hitz egiten du.
- Hydrea: Etxeko ur berotarako bero-ponpa berria, Wi-Fi konexioa barne duena. Duplex 2205 altzairu herruzkaitzezko depositua korrosioaren aurkako bizi-aseguru bat bezalakoa da.
- NanoClima: Ehuneko ehun barrualdean jartzeko bero-ponpa. Sektoreko erakusleiho handienetan aurkeztu dugu: Frankfurteko ISH azokan eta Madrilgo C&R-n. Terraza edo fatxada librerik ez duten etxeetarako diseinatutako 4kW-ko irtenbidea da; jasangarritasunak muga arkitektonikorik ez duela erakusten duena.
Gainera, aurten urrunago joan gara: AEBn gure lehen azokan parte hartu dugu, Europako klimatizazioaren ikuspegia muga berrietara eramanez.

Gertu egotearen balioa: konpromisoa eta zerbitzua
Guretzat, berritzea zaintzea ere bada. Horregatik, Domusa Tekniken EAZak (Energia Aurrezteko Ziurtagiriak) jarri ditugu martxan, guztiontzat onuragarri izateko sortutako tresna. Alde batetik, eraginkortasuna familien inbertsio adimentsu eta errentagarria izan dadin laguntzen dugu; bestetik, instalatzaileekin dugun aliantza sendotzen dugu. EAZei esker, gure profesionalek aerotermia salmenta gehiago itxi ditzakete, aurrekontuetan deskontu zuzen eta erakargarriak eskainiz, inolako buruhauste burokratikorik edo itxaronaldi luzerik gabe. Energia-trantsizioa aukeratzea errazagoa izan dadila nahi dugu.
Baina babesik gabeko teknologia burdin hutsa da. Horregatik, aurten, Madrilen eta Guadalajaran DOMUSAT Zerbitzu Tekniko Ofiziala sendotu dugu, behar gaituzunean hor izateko konpromisoari eutsiz.
Era berean, esker ona adierazteko eta elkarrekin egoteko, egun ederra igaro genuen Otaloran, 2024ko gure zerbitzu tekniko ofizial onenak sarituz. Gure kooperatiba-balioak arnasten diren ingurune horretan, bezeroaren aurrean gure ordezkari direnen konpromisoa goraipatu genuen. Izan ere, instalazio baten arrakasta ez da lantegitik ateratzean amaitzen; zerbitzu teknikoak etxean erosotasun osoa dagoela ziurtatzen duenean baizik.
Indarrez taupatzen duen komunitatea
Domusa Teknik lantegi bat baino gehiago da; pertsona-ekosistema bat da. Eta aurten, taupada hori inoiz baino indartsuago sentitu dugu:
- Ahalegin partekatua: Domusa Teknik 40MLK lasterketaren laugarren edizioa ospatu dugu. Ekitaldi hau gure senaren parte da jada, gure erresistentziaren eta inguruarekiko dugun konpromisoaren erakusle.
- Kontxako bandera etxean: Urteko pasadizo politena Jon Lizarralde berrikuntza saileko kideak ekarri zigun. Kontxako Bandera irabazi ondoren, Domusa Teknikera ekarri zuen garaipena gurekin partekatzeko. Gure instalazioetan garaikur hori ikusteak gogora ekarri zigun etxe honetan talde-lana berdin-berdin ospatzen dela uretan zein muntaketa-katean.
- Etorkizunari begira: Azaroan, Errezilgo San Martin eskolako ikasleak etorri zitzaizkigun bisitan. Haur horien begiradak gure helburua zein den oroitarazi zigun: haientzat diseinatzen ari gara etorkizun jasangarri hau.

Datozen 50 urteak eraikitzen
Gure bulegoak berritzen ari gara, gure ezaugarri diren gardentasuna eta gertutasuna sustatuko dituzten guneak sortuz. Hori guztia 2026ari begira egiten dugu, gure 50. urteurrena ospatuko baitugu. Dagoeneko egin dugu data berezi horretarako logotipo-lehiaketa; oraindik zuriz dugun etorkizun horretan komunitatearen arrastoa uzteko aukera bat izan da.
Laburbilduz, Domusa Tekniken aurten ikasi dugu energiarik onena partekatzen dena dela. Eskerrik asko zuen etxeetako erosotasuna gure esku uzteagatik. Lanean jarraituko dugu biharkoa, erosoa izateaz gain, leku hobea izan dadin.

