Errezildik mundura: 50.urteurreneko bideoklipa
Domusa Tekniken urteurren borobila ospatzeko, abesti eta bideoklip propioa sortu dugu etxeko lantaldearekin batera. Proiektu honekin gure sustraiak, euskara, talde-lana eta emakumeen ekarpena omendu nahi izan ditugu, Errezilgo trikitixa eta pandero doinuekin bat eginez.
.jpeg)
Urteak pasa ahala, loratzen ari da ereindako hazia. Duela mende erdi Errezilen erein zen hazi hark fruitu oparoak eman ditu, eta gaur egun Domusa Teknik osatzen dugun familia osoak harrotasunez begiratzen dio egindako bideari. 50 urte hauetako lana, esfortzua eta, batez ere, giza faktorea ospatzeko, modu oso berezi eta artistikoan egin nahi izan dugu: gure abesti eta bideoklip propioa sortuz.
Abesti hau ez da soilik urteurren baten oroigarria; Domusa Tekniken izaera eta balioak biltzen dituen puzzle bat da. Lau dira sorkuntza honen zutabe nagusiak:
1. Errezilgo sustraiak eta folklorea
Errezildik mundura zabaldu ginen, baina inoiz ez dugu ahaztu nondik gatozen. Herri honekin eta gure jatorriarekin dugun lotura estu eta begirunezkoa adierazteko, euskal folklorearen kutsua eman diogu abestiari. Errezilgo nortasunari lotuta dauden trikitixa eta pandero doinuek jartzen diote erritmoa gure historiari.
2. Euskara, gure nortasun ikur
Domusarentzat euskara ez da komunikazio tresna bat bakarrik, gure eguneroko lanabesa eta nortasun ikur nagusia baizik. Gure hizkuntzari diogun atxikimendua eta maitasuna berretsiz, abesti osoa euskaraz sortu eta abestu dugu.
3. Emakumeen ekarpena eta aniztasuna
Emakumeen indarra eta ekarpena ezinbestekoak izan dira Domusaren sorrera-sorreratik gaur egunera arte. Lan-taldearen aniztasun hori lehen lerrora ekarri nahi izan dugu, baita abestiaren ahotsetan ere. Leire eta Ion kantuan jarrita, gure lantaldearen pluraltasuna eta elkarlana islatzen dira nota bakoitzean.
4. Talde-lana: Proiektu honen motorra
Montajean, pinturan, txapan, soldaduran edota bulegoetan... Domusa ez litzateke ezer izango bere lantalderik gabe. Sail ezberdinetan gabiltzan guztiok gara proiektu honen motorra. Abestiak dioen bezala, "mendiz mendi, eskuz esku" joan bagara batera, mendez mende elkarrekin egingo dugu aurrera.
Ikusi eta entzun bideoklipa!
Bideoklip honetan gure egunerokoa, gure instalazioak eta, batez ere, Domusa Teknik posible egiten duzuen guztion aurpegiak eta irribarreak ikus ditzakezue. Gure historiaren zati zara, eta zurekin partekatu nahi dugu.
Gozatu abestiaz eta ospatu gurekin mende erdiko bidaia hau!

